XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

EURITEEN BELDURRA SUTAR AUZOGUNEAN

Joan den apirilean muntatua dute ingurumen defentsa elkarte bat Baiona/Angelu/Basusarri junta hortako andana batek.

Hartua dute URDAINS izena.

Errobi erreka bazterraldeko gunea horrela ekarria baita kalastra paperetan.

Galdegiten dute lehen bai lehen xutik emana izan dadien uhasteen debekatzeko plan bat PPRI deitzen dena.

Gune hortako jendeak ohartuak dira gauza parrasta bat gaizki doatzila hor gaindi; bereziki Baionatik Uztaritzerateko errepidea lau lerrotara largatzearekin.

Urdains gunea usuago betetzen da urez; ez batere Errobi ibaiak bere izaria pasatzen duelako bainan gune maldagoetariko euri urak horrat fiteago eta maizago metatzen direlako zola horietan.

Berriki Okzitaniako lau departamendutan gertatu diren euriteek arrengurak emendatu dituzte.

Bestalde, jakin da hor gaindi kokatuko direla gito edo buhame ibilkariak, orain arte Baionako Glains zolan biltzen zirenak.

Urdains-tiarrak ohartuak dira 26000 m2ko errepira edo gune intatsua salbez eta bereziki lurrez goratuko dutela buhameen bilgunearentzat.

Bestalde horko legezko dokumentuak auzitaratzearen mehatxupean baizik ez dituzte eskuratu eta ohartu dira PPRI -geriza planik ez dela, hautetsiek erraiten dutenaren kontrarioa egiten dutela.

Pundu pare bat aipatu behar da gune hortako arrenguren hobeki konprenitzeko.

Lehena da Basusarriko golfa gunea: jakina da kirola horren egiteko belardiak usaian baino askoz gehiago ureztatu behar direla, parte bat ez ote da maldetan beheiti Urdaintzeraino jausten?

Horretaz gain, buhameen biltegiaz egin oharpenen azpian ez ote da besterik? Deplauki erraiteko, gutarik aparteko bizitzeko manerak dituen jendearen beldurra?

Dena den arrengura horiek funtsezkoak dira eta gauzen pikoan emaiteko mementoan ez litekea egokiena deliberamenduen hartzea horko jendeekin mintzatu ondoan?